Programa Euskera





JAVIER ZABALETA BUENO


Programa instituzionala


Berreskuratu dezagun TXIKILINen espiritua”

Patxi Puñalek, kapitain handiak, azken denboraldietako momentu gogorrenetan esandako hitzak dira horiek, eta ederki balio dute azaltzeko zer-nolako OSASUNA nahi dugun Javier Zabaletaren hautagaitza taldekook.

Osasunazaletasuna bizkortu eta berreskuratu, eta aldaketa. 
Berreskuratu behar dugu, bai, sentimendu osasunista, denok elkarrekin, “marea gorria” egundoko desplazamenduetan mugitzen ginenekoa, Sadar gainezka zegoenekoa, dardara eragin ziguna, umorez, musikarekin, afizioen arteko giro lagunkoian. Osasuna maitea eta estimatua, nonahi zebilela ere. 
Eta aldaketa. Kudeaketa ekonomikoan, aldaketa gauzatu behar dugu, Osasunaren bideragarritasun plan batekin, diru-sarreren eta gastuen arteko oreka lortzeko, eta Gizarte Segurantzari eta foru ogasunari urtero aurre egin ahal izateko. 
Aldaketa kirol-kudeaketan. Atzerritarren fitxaketak murriztu behar dira, bi edo hiru jokalari garrantzitsu gehienez ekarriaz, 20 eta 22 jokalariko taldea osatuz eta “promesak” taldeari baliabide gehiago emanez, lehenbiziko taldera igarotzeko aukerak handituz. 
Aldaketa gauzatu behar da harrobiarekin lan egiteko eran, osasunismo guztiari gurekin batera parte-hartzaile bilakatuz, Iruñeko, Iruñerriko eta Nafarroa osoko osasunismo guneetan. 
Aldaketa Osasunaren inguruko pertzepzioan, klub nafar guztiek ikus dezatela Osasunaren eta beraien interesak berdinak izaten ahalegintzen garela. Lerinen, Funesen edo Zarrakaztelun Osasunak jokatzen duen partida batek talde horien aurrekontua osatu dezake urtebetean edo epe luzeagoan. 
Aldaketa. Austeritatea, gastua kontrolpean mantendu beharra baitago, justifikatu gabeko zorren bikoiztasunik gertatu gabe. 
Bere betiko lekua berreskuratu behar du Osasunak, gaur egungo zuzendaritzaren utzikeriagatik galdu duena eta beste batzuek hartu dutena. 
Zerbait berreskuratu nahi badugu, gauzak hobeki egin beharko dugu, baina ez hori bakarrik, gurekin lehian dabiltzanek baino hobeki eginen dugula ere erakutsi behar dugu egitasmo honetan. 
Ziurrenik, Osasunak ezin da beste klub boteretsu batzuen aldean egon, baina bakarrik baliabide ekonomikoei dagokienez. 
Osasunismoa dugu guk eskuetan, eta ongi profitatzen baldin badugu, eta suspertzen baldin badugu, helburu bera baldin badugu denok, inon den ondarerik handiena daukagu, ondare garaiezina.

Osasunismoaren bilgunea sustatu behar dugu, osasunazaletasuna batu beharra dugu, Osasunako bazkide guztiengana jo behar dugu, Osasunako zale guztiengana, eskualdeetako buru, Iruñeko auzo eta inguruetan, babesa eman eta jasotzen dituzten tabernetan eta elkarteetan. Batzeko lekuak izan daitezela horiek, eta akuilu izan daitezela gure lekua berreskuratzeko.
Leku horietan sortu behar dugu OSASUNAKO BEGIRATZAILE edo BEHATZAILEAren figura: begiraleak borondatez arituko dira, pertsona horiek asteburu, larunbat eta igandeetan, gustukoen dutenari emanaz arituko dira: futbolari emanak. Haur talde horiek Osasunaren etorkizuna izanen dira, eta astelehenetan informe bat pasatu beharko dute, jarraipena egindako jokalarien gorabeherak eta garapenak azaltzeko.
Hori guztia Taxoarerekin loturik, handik zehaztutako ildoekin eta beharrezko laguntza guztiekin: laguntza teknikoa, prestakuntza fisikoari dagozkiona, taktikak, jarraipenerako irizpideak, etab. Talde horiei baliabideak emanen zaizkie, haien artean harremanetarako zubiak sortuko dira, eta klubak pizgarriak emanen dizkie.
Modu berean, eremu horietako entrenatzaileak batzeko balio behar dute osasunisno gune horiek; elkarrekiko erlazioa egon dadila eta mutiko horientzako aktibitate zehatzak sortu daitezela: clinics direlakoak, atezain, atzelari eta aurrelarientzako prestaketa fisikoa lantzeko, baloiaren kontrola lantzeko, erremateen zehaztasuna hobetzeko, entrenamendu pertsonalerako zuzenbideak ikasteko, akats tekniko, fisiko edota taktikoak zuzentzeko.
Gailentzen diren haurrak ezagutzea eta haiei laguntzea izanen da Osasunismo guneen xedea. Laguntza horiei esker, kirol proiektu horiek ahalik eta urrutien ailegtzea nahi dugu, eta egindako ibilbidea Osasunan egitea.
Edozein aukera begiztatzen dugunetik, mutiko ala neska horri Osasunako kamiseta bat eman diezaiotela. Osasunarenganako maitasuna eta laguntza jaso dezala beti, bere helburua Taxoaren eta Osasunarekin jokatzea izan dadin. Norbait etorriko balitz kanpotik mutiko edo neska hori tentatzera, izan dadila jokalaria bera ezezkoa ematen diona, bere gogoa eta zaletasuna Osasuna direlako, Osasuna egon delako beti bere ondoan.


Hemen, hurbil eginen dugu lan, gure interesgune direnekin, haur nafarrekin.

Bazkideei eta zale orori eman behar diete lekua osasunismo gune horiek, partidak ikusteko, taldeari jarraitzeko grinan bidaiak antolatzeko, sarrerak lortzeko erraztasunak emateko, baldintza hobereneko hoteletara joateko, jarduera ludikoak sortzeko, mus txapelketak jokatzeko, nafar produktuak dastatzeko, etab.. Hori guzti hori Iruñeko auzoetan, inguruko herrietan eta eskualdeetako herriguneetan garatuko da, eta hortik inguruetako herrietara zabaltzen saiatu behar dugu. Peñak proiektu honetan murgiltzea da gure asmoa.

Hauxe da gakoa, beraz: osasunismoaren mesedetan komunikabideak eta parte hartzeko bideak sortzea. Osasunatik abiatuta, baliabide horiei esker aurrera egiteko eta, lan horien ondorioz, Osasuna indartzeko.
Programa Ekonomikoa
Hiru oinarri nagusi izanen ditu C.A. Osasunaren gidaritzak:
- Gardentasuna
- Austeritatea
- Finantzen oreka
Gardentasuna, kudeketan eta kontu korronteetan, bai klubean, bai fundazioan.
Zuzendaritza batzordeak utziko dituen kontuen auditoria bat egineno da, eta jendaurrekoa izanen da, bazkide guztiak jabetu daitezen klubaren egoeraz.
Desbideratze handiak izan dira etengabean azken urteetako aurrekontuak aurrera eramaterako orduan. Gaur egun, konpromisarioen asanbladari ematen zaion informazioa ez da nahikoa horrelako desbideratzeak ulertu ahal izateko, asanbladan bertan ematen diren azalpenak besterik ez da jasotzen. Hori zuzentzeko, asanbladari eman eginen zaizkio azalpenak memoria labur batean, eta bertan zehaztuko dira sortu daitezkeen desbideratzeak eta horien arrazoiak.
Austeritatea, elkartearen eguneroko bizimoduan eta jardunean.
Osasunaren kontuak argitzen denok lagundu behar dugu, onura denontzat izanen baita.
Horrengatik, gaur egun hitzarturik ditugun kontratu guztiak aztertuko dira, bai eta elkartearen egitura administratiboa ere. Errealitate ekonomikoari lotuko gatzaizkio baliabideak klubaren kirol-jarduerara zuzentzeko.
Negatiboa izan da azken urteetako jarduera, eta zorra handia sortzen ari gara.
Kirol arloko langile-gastuak dira nagusi, eta jokalari taldeak, bere kirol-jarduerarekin, aski diru-sarrera sortu beharko lituzke zorrik ez handitzeko. Taldearen irabaziak baldintzatuta daude, ordainketengatik eta jokalari kopuruarengatik. Ezinbestekoa da bi kontzeptu horiek zuzentzea, klubaren kirol politikarekin bat eginda betiere. Oreka izan beharra dago fitxa handiko jokalarien eta soldata txikiagoko jokalarien artean.
Futboleko oinarrizko mailetan ere horrelako errebisioa egin beharko litzateke. Kirol-programaren ezaugarriak hartu, eta aztertu beharko da Osasuna Promesarentzat atzerriko jokalarien fitxaketa-politika egokia ote den, gastu ekonomikoa eta lortutako emaitzak aurrez aurre jarriz.
Finantzen oreka, klubean eta Fundazioan.
Arestian aipatu bezala, klubaren eguneroko jarduerak galerak ekarri ditu, eta horri finantza gastuak gehitu behar zaizkio. Ohiz kanpoko diru-sarrerak lortu beharrean izan gara, eta, horretarako, jokalariak saldu ditugu; urteroko galera horien zorra kitatzeko erabili dira salmentak, eta ez klubaren ondarea handitzeko.
Ezinbestekoa da bideragarritasun ekonomikorako plan bat osatzea, epe ertainera eta luzera; Osasunaren kudeaketaren ardatza zehatuko du, eta ordaindu gabeko konpromisoak eta etortzen ahal direnak jasoko ditu. Jakina, Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunari zor zaiona ordaintzea jaso behar du planak ezinbestean.
Oreka hori lortzearren, diru-sarreren gainean lan egin behar dugu, eta elkartearen neurrira egokitu behar dira gastuak.
Azken urteetan beherakada nabaritu da, bazkideen eta zelaira joaten direnen kopurua jaitsi egin da.. Horiek instituzionalki zer-nolako eragina duten aztertzearen garrantziaz haratago, ondorio ekonomiko handia du fenomenoak. Erakargarriago egin behar dugu bazkide izatea zaleen begietara. Bazkideak dira klubaren oinarri nagusia, eta helburu horiek lortzen laguntzen ahal digutenak dira, inolako zalantzarik gabe. Balio handiagoa eman behar zaio bazkide izateari, eta horretarako eskaintzak handitu behar zaizkio, adibidez, etxeko haur txikiak zelaira dohainik eramateko abantaila, sarrerak gehiagotan merkatuz, eta ez taldea gaizki dabilela-eta zelaia bete behar dugunean; lehentasunez aritu haiekin, instalazioak bisitatzeko aldietan…
Bazkide laguntzailearen edo klubaren lagunaren aukera aztertu behar dugu, denboraldi osorako bazkide bonorik eskuratu ezin duten zaleentzat. Osasunarekiko lotura estutzeko erraztasunak eman behar dizkiegu (dendetan, sarrerak eskuratzeko orduan…), aurreratzean eskubide osoko bazkide bihurtu ahal izateko, bazkide osoa bihurtzeko.
Publizitateak ematen dituen diru-sarreren inguruan eginen dugu lan bereziki. Lehenbiziko taldearen kamiseten publizitatearen kudeaketan asko dago hobetzeko. Onartezina da jokalariren bat saldu behar izatea diru-sarrerak eskuratzeko eta bien bitartean kamisetan publizitaterik ez eramatea, diru-sarrera horiek gure kamisetaren neurrirako nahikoa baliorik ez dutelako. Balio hori enpresek ordaindu nahi duten kopuruan datza, eta ez hainbeste klubak diru-sarrera horiei buruz duen iritzian, are gehiago enpresek bizi duten egoera zaila kontuan hartuta.
Bestalde, klubaren instalazioak komertzialki hobeki profitatzen saiatu behar dugu. Ideia aldatu beharra dugu, Sadar hamabost egunean behin bakarrik erabiltzen ahal dela pentsatzetik bi astean behin 18.000 lagunekin aukera polita dugula pentsatzera igaro behar dugu.
Gaur egungo futbolaren egituran, telebisten eskubideek oinarrizko papera daukate, edozein taldetan, eta, beraz, baita Osasunaren ekonomian ere. Denok onartzen dugu Espainian eskubide horien banaketa talde handien aldekoa dela guztiz. Klub guztien arteko negoziazioa defendatzen dugu, baina banaketa modua landu beharra dugu. Banaketa justuagoa defendatzen foro guztietan hartuko dugu parte, eta bereziki hauek kontuan hartzea defendatuko dugu: gutxieneko batzuen adostasuna, klub guztiak duintasunez lehiatu ahal izateko; taldeak lortutako emaitzen historia; klubei ematen zaien segimendua presentziaren aldetik ere hautatzea, eta ez bakarrik telebistaren ikuspuntutik, eta zelaian zale gehien biltzen duten taldeak saritzea; bigarren mailari dagokion zatia.
Instituzioek Osasunarekin ahalik eta gehien arduratzeko eginen dugu lan, futbolaren goi-goi mailari eusteko, eta klubaren inguruan futbol nafar dena biltzeko.
Diru-sarreren eta gastuen arteko oreka lortzeko ezinbestekoa da gastuen arloan ere lan egitea. Gastu nagusiak lehenbiziko taldeak sortzen ditu, horregatik joko garbi finantzarioa deriotzonaren irizpideak ahalik eta lasterren lortzea dugu helburu.
Osasuna Fundazioak aparteko aipamena merezi du, bere zorragatik, baina, batez ere, bere jardueraren garrantziagatik. Oinarrietako futbolaren sostengua da, baita harrobiarena ere, eta hori da klubaren aktibo nagusia. Baliabide berriak erakarri behar ditugu gurera, harrobia sendoa eta lehiakorra izateko; azpimarratu nahi dugu laguntzaile berriak lortzeko premia, eta horiek lortzeko beste balio batzuk eskaini behar zaizkie klubari laguntzea erakargarri ikus dezaten, ondarea hobeki ustiatuz, horrela harrobian sortzen diren jokalariak saldu beharrik ez izateko.
Kirol-programa
Datozen urteetan, harrobia indartzeko helburua izan behar du C.A. Osasunaren kirol-proiektuaren oinarriak; hori izanen da oinarria goi mailako futbolari eusteko; alde batetik, krisi ekonomikoaren garai hauetan, gastuak zorrotz eramanez, eta, bestetik, Nafarroa osoan belaunaldi berrientzat espiritu gorria berreskuratuz. C.A. Osasunaren harrobiaren kudeaketa da proiektu berri honen arlorik garrantzitsuena, lan molde berriak eta futbol modernoaren ezagutza eta gaitasuna duten pertsonak uztartuko dituena. Kontuan izan C.A. Osasunaren harrobiak ez duela lotuta egon behar bakarrik gorritxoen harrobira, baizik eta Nafarroa osoan dauden klub kopuru handira, eta gurekin hitzarmena duten horiek hartu behar dira kontuan. Orobat, lankidetza sare berriak sortzen saiatu behar dugu.
Harrobiak indartu behar dira, Osasunaren harrobia eta gurekin hitzarmena duten kluben sarean elkarlanean dihardugun klubenak, C.A. Osasunaren kirol-egitura berriari begira, lehentasunezko helburua izan behar du horrek. Jokalariaren prestakuntza osoa xehetasunez jorratu beharra dago, alderdi teknikoak eta taktikoak, giza balioak, eta Osasunazaletasuna.
Taxoarek izan behar du CA Osasunaren habe nagusia. Baliabideen kudeaketa eta lan metodologiak aldatu behar dira, eta klubaren maila guztiak bere gain hartzen dituen Scouting sarea sortu behar dugu.
Klubeko teknikariak: jokalarien jarraipena egitea da beraien lana, eta C.A. Osasunaren maila guztietako entrenatzaileek aitzindari izan behar dute zeregin horretan. Jokalariaren eguneroko bizimodua, gaitasunak eta garapenak ezagutzen dituzte, inork baino hobeki, dudarik gabe. Gainera, gurekin hitzarmena duten kluben sareko taldeekin ibiltzen dira lehian astero. Beharrezkoa izanen da azpi-mailetako teknikari guztiak titulatuak izatea, eta beterano guztiek birziklapen plan bat jarraitu beharko dute, lan metodologia berriak ikasgai dituena.
Behatzaileak: beharrezkoa da Scouting egitura eta jokalariak fitxatzeko modua aldatzea, kirol garaipen hobeak lortu ahal izateko. Egitura zaharkitua daukagu, eta taldeen eta jokalarien analisi metodologia berritu beharra dago. Gutxienez lau behatzailek egin behar dute lan: bat kategoria bakoitzeko (kimuak, haurrak, kadete eta gazteak), eta, astebururo partidak ikusita, txostenak osatu beharko dituzte. Scountig lana astero jarri beharko da komunean, harrobiko koordinatzailearekin, klubeko teknikariekin, behatzaileekin eta Klubaren Teknifikazio Zentroaren arduradunarekin.
C.A. Osasunaren kirol-proiektuaren egitura berrian, futbol talde profesionalen kudeaketa eta analisia indartu behar dira. Scouting sarearen inguruan arestian aipatutakoaz gainera, sare hori zabaldu beharko dugu maila nazionalean eta internazionalean, Osasunak futbolaren mundua kontrolpean izan behar duelako, fitxaketa berriak eginez talde nagusiaren kirol beharrei aurre egin ahal izateko.

DESCARGAR EL PROGRAMA AQUÍ
Javier Zabaletaren Hautagaitza